XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kristauak jar dezake, bai, bere ustea Idazteunaren idazlariengan, ez baldintzarik gabe, ordea.

Ez du horiengan federik. Ezta Idazteunean bertan ere ez luke federik izan behar.

Izan ere, edozein itzaldun sagaratuenarekiko konfiantza baino handiagoa bait da fedea.

Norbere osoaren osoaz norbere axolagaian partzuer izatea bait da fedea.

Horregatik, fede hitza ez litzake ezagutza buruzkoarekin bat-batera erabili behar, nahiz eta ezagutza hori ebidentzia zuzenekoan, zientzi-aurretikoan edo zientziazkoan oinarrituta egon, nahiz eta norenbaten itzalari lotuta egon; zuzeneko nahiz zeharkako ebidentziari itsatsita eta lotuta bait daude itzaldun horiek ere.

Hitzak aztertzeak arazoaren muinera bertara bideratu gaitu.

Ez du fedeak mundu hontako zientziaurretiko eta zientziazko ezagutzari dagokiona baieztatzen edo ezeztatzen, nahiz eta guk geure oharmen zuzenekoaren bidez nahiz besteren oharmenaren bitartez gureganatu ezagutza hori.

Gure munduaren ezagutza eta geron buruona, munduaren atal garenez azterketa lana da, guk geurok egitekoa edo gure konfiantza dutenek.

Ez da, beraz, fedeko gaia.

Fedearen neurrialdeak edo dimentsioak ez dira jakintzarenak, historiarenak edo psikologiarenak.

Alor hauetako egiantzeko hipotesiak onartzea ez da fedea, azaleko eta atariko ustea baizik: jakintsuen metoduz egizta beharrezkoa eta, ikerkunde berririk dela-ta, alda beharrezkoa.